Eguzkiaren ezkutuko aldea agerian. Eguzki osoa irudi bakarrean edo Eguzkia 3D euskarrian. Hainbat modutan esan daiteke NASAk lortu duena. Kontua da estreinakoz Eguzkiaren gainaldea eta haren atmosfera argazkietan ikus daitekeela izarra bere osotasunean behaturik eta goi mailako erresoluzioan. Stereo misioaren bi zunden bidez gauzatu da irudia. Bata bestetik 180 graduko tartera kokatu dira, Eguzkiaren bi aldeetara —une honetan ere hala daude—, eta aldi berean atera dituzte argazkiak.
Eguzkiaren bi aldeak aldi berean ikusteko aukerak Lurra berotzen duen izarra ikertzeko bide berriak zabalduko ditu. Eguzkian gertatzen denaren jarraipena, erupzio eta Eguzki ekaitzena, askoz ere modu zorrotzagoan egin ahal izango dute, eta, hala, aurreikuspenak ere asko hobetuko dira. Izar erraldoiaren erupzioei aurrea hartu, eta sateliteak, hegazkinak eta konpainia elektrikoen azpiegiturak babesteko aukera izango da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario